Voyeurismoa garaile
Begiak everywhere, begiluzeak nonahi. Nazioarteko zinema ikasleekin Tabakaleran. |
Aurtengo Donostiako
Zinemaldian faltan bota dugun François Ozon zinegile frantziarrak
esan zuen zine zuzendariak voyeur hutsak direla, kuxkuxero
hutsak. Askotan aipatzen da zinemaren zeregina begientzat ikusezina
dena bistaratzea dela, gizakion intimitatea pantailaratzean datzala
erronka nagusia... Gure etxeko leihotik bizilagunen bizitza
kuxkuxeatzea plazer bezala ulertua.
Autobusean, hondartzan,
tabernan edo zinema areto baten iluntasunean pertsona batek atentzioa
deitzen digunean (arrazoiak norberak irudika ditzala...), gizalegez
jokatzea nahi badugu besteak begirada zuzentzen digunean gure
begirada desbideratu beharko genuke, bere intimitatean sartzen ari
baikara. Begirada mantentzeak arriskua darama... bestearen
intimitatea haustea. Eta begiluzearen eta begiratuaren arteko
intimitatearen muga lauso horretan zinemak asko eman dezake. Kinka
horretan jartzen gaitu Kiro Russo zinegile bolibiarraren Nueva
vida (16',
2015) film labur minimalistak. Kamera angelu bakar batekin
kontatutako istorio minimo hau begiluzearen kuriositate aseezinean
dago oinarritua... Kamerak ikuspuntu subjetiboa baliatzen du ikuslea
zuzendariaren leihoan kokatzeko. Parean dagoen eraikinean, pisu
batzuk beherago bikote bat bizi da eta ume bat izango dute, bizitza
berri bat iritsiko da etxe hortara eta zatika ikusiko dugu etxe
hortan gertatutakoa, leihoek markatuko digute ikusitakoaren limitea,
eta guk eraiki beharko dugu istorioaren osotasuna.
Nueva vida
film laburra Zinemaldian egin den Zinema Ikasleen Nazioarteko XIV.
Topaketan ikusi ahal izan dut eta baita saritu ere; Orona Saria eman
diogu lan honi. Euskal ikus-entzuneko ikaslez osatutako epaimahai bat
koordinatu dut aurtengoan topaketa hauetan eta lehiaketan parte
hartzen zuten mundu osoko 12 film laburren artean film berritzaileena
nabarmendu dugu Orona
Sariarekin. Huhezi
fakultateko (Mondragon Unibertsitatea) Komunikazio gunea
ordezkatzen egon naiz.
Eta zer da berritzailea zineman? “Ezer ez da asmatu Dziga Vértov-ek
Kameradun gizona
(80´,
1929)
egin zuenetik”, esango dute batzuk...
Kamera bat dron batean jartzea berrikuntza galanta dela esango dute
besteek... Desberdina izatea da berritzailea? Originala izatea??
Aitzindari izatea?? Zerbait berria asmatzean datza??? Guretzat
zinemaren esentziara jauzi egin duen film hau izan da aurtengo
berritzaileena. Norbait leihotik
begira, norbait leihoaren
beste aldean ikusten duenaren esanahiari zentzua
eman nahian, norbait voyeurismoaz disfrutatzen, limite barik.
Elkarrizketa honetan azaltzen du zuzendariak ideiaren jatorria:
Eta
hara gure ezustekoa
sari banaketa ekitaldian nazioarteko 12 ikaslez osatutako epaimahaiak
film labur berdina saritu zuenean! Kiro Russo
zuzendaria pozarren zegoen sariak jasotzerakoan. Proiektu berri bat
dauka esku artean, bere lehen luzemetraia, eta banku batean mailegu
bat eskatu berria zuen grabaketa lanak abiatzeko. Sari hauei esker
filma ganoraz egin ahal izango duela aitortu zuen. Orona Saria 5.000
eurokoa da eta Panavision Sariak
10.000 euroko laguntza suposatzen du, bai
RED
Epic kamera baten eta Primo lente estandar baten lagapena, lau astez
filmatzeko, edo 10.000 euroko kreditua Panavisionen materiala
alokatzeko.
Sari
banaketaren
ondoko festan zuzendariarekin hizketan esan zidan 10.000 eurogatik
egingo duela bere lehen film luzea... Emaitza ikusteko irrikitan
gaude jada. Pozgarria benetan zinegile berri eta berritzaile bati
hegoak ematea, bertigoa
gainditu dezan bultzada
hori
ematea... Baina
sarien sistema hau oso maltzurra
dela denok dakigu... Espero
dugu saririk jaso ez dutenei sormenerako hegoak moztu ez izana.
Zinemaren
belaunaldi berriak bultzatea helburu duten topaketa hauetan beste
hainbat lan ausart eta ilusioz beteak disfrutatu ditugu... Goi
mailako zinegileek emandako Master
Class
edo Q&A adrenalinikoak jarraitu
ditugu ere...
Charlie Kaufman, Jia
Zhangke, Michel
Franco, Joao Salaviza... Gero
eta garrantzi gehiago ematen ari zaie topaketa hauei eta horrela
konfirmatu zuen Jose Luis Rebordinosek berak, Zinemaldiko
zuzendariak, sari banaketa emanaldian egindako agerpenean.
Egitarau osoa
kontsultatzeko sartu hemen.
Orona Saria emateko prest! Nire ondoan sariaren bost epaimahaikideak. |
Aurtengo irabazleak pozik, diplomak eskutan. |
Comentarios
Publicar un comentario