Tik, tak, tik, tak

(Antzeko-Parecido 4)

Erlojuaren orratzek badirudi klakea egiten dutela etengabe. Eta ez dute musikarik behar. Denboraren dantza... Erlojutan pentsatzen nago igandetik, Bilbon Christian Marclay-ren "The clock" ikaragarria ikusi nuenetik. Ideia bitxia izan du Marclay-k. Filmetan agertzen diren erloju edo orduari buruzko elkarrizketen zatiak bildu eta guztiarekin 24 orduko kollage handia egitea. Badirudi eskubiderik ez dituela ordaindu. Elkarrizketaren batean gai horrek ez diola interesik pizten edo antzeko zerbait irakurri dut... Nola konponduko dute filmaren eskubideen kontua MOMA, Guggenheim eta abarretan?

Remix esperimentu honi magia pixkat gehio emateko ideia zorroztu du artistak eta azken emaitza proiektatuko den tokien orduarekin bat egingo du pantailako orduak, minuturo. Pantailako orduak, minutuak, fikziozko erlojuak erloju errealekin sinkronizatuta daude... Hara paradoxa... Egileak jartzen duen baldintza da emanaldiak egiten diren tokitan, noizbehinka lana osorik eta jarraian ikusteko aukera izatea, 24 orduz. Bilbon lau aldiz egin omen dute esperimentua eta egia esan morboa dauka kontuak, imajinatu gaueko 4tan areto batean sartu eta...




Arratsaldeko 17.46etatik 19:15etara egon nintzen "The Clock" ikusten eta denbora ziztu bizian pasa zitzaidan. Denbora alferrik galtzea ote da denborari buruzko filme bat ikusten bi ordu ematea? Zenbat denbora eskainiko diot denborari buruzko 24 oduko film honi? Denbora pasatzeko modu bitxia dela ezin ukatu. Matar el tiempo. Antzeko-parecido bat, plagio puntu bat antzeman dut Marclay-ren "The Clock" eta nik egindako "Kimuak Remix" esperimentuaren artean. Asteburu batean planik ez eta denbora pasa bezala eginiko Kimuak katalogoko hainbat film laburren lehen planoarekin osatutako montajea da "Kimuak Remix". Bi lanen artean badago aldea: nik egileei baimena eskatu nien... eta nireak 4 minutu eta 26 segunduko iraupena dauka. Ez diot ikusleari hainbeste denbora eskatzen.

Kimuak Remix from iban del campo on Vimeo.


Denbora badoa eta gu harekin. Eta "The Clock" emanaldiari eskaini diogun denbora tartea amaitu eta oraindik buruen daramat "The Clock". Hori dio artistak elkarrizketa honetan, Veneziako urrezko lehoia jaso ondoren: lan baten iraupena baino, edota ikusle bakoitzak arte lan bat ikusteari eskainitako denborak baino, garrantzi handiagoa duela arte lan horrek ikusle bakoitzaren baitan irauten duen denborak.

Erlojuaren kontra idatzitako lerro hauek utzi baino lehen, eta antzeko-parecido honetan antzekotasunik aurkitu ez duzuenentzako, beste antzeko-parecido batekin amaituko dugu: desagertutako Orquesta Mondragon taldearen "Tic, tac, tic, tac" abestiarekin. "Me van a  volver histérico las agujas del reloj, se burlan de mí, corren al sprint con mi torpe corazón..."



Comentarios

Entradas populares