Fantasia japoniarra Durangon

Plazer bat izan zen atzo Durangoko Azokan gure fantasia japoniarra aurkeztea. 'Sorbeltza' Yasunari Kawabata Nobel saridun japoniarraren 'Loti ederrak' liburuaren eraginpean sortu dugu, eta aipatu nuen ere bai, filma frustrazio baten ondorio edo emaitza dela: luzemetrai bat egiteko finantziazio bilaketa kafkiano eta amaigabean itota geundelarik, zinegile bezala idazteko, errodatzeko, editatzeko dugun "monoa" asetzeko, film labur hau egitea erabaki genuen. Eta esperientzia ederra izan da.

 
Durangon ikusitako bi irudi azpimarratuko ditut: Izaroren standean, Rosaliaren itxura zuen Izaro berriaren argazki erraldoia eta gauez, Prosegur kamioi bat, azokako izkiña batean, dirua jasotzekotan... Fantasia DA!
Eta ikusi ez nuen Moxalen kontzertuaz ere bai oroitzen naiz... Ordu berdinean neukan nik filmaren aurkezpena Irudienean, eta segituan Ahotseneara joango nitzela esan nion Hannot Mintegiari... Baina nire aurkezpenean luzatu nintzen nonbait, eta filma ongi ikusi eta entzuten zela konprobatzeko emanaldia hasi zenean bertan geratu nintzen eta aspaldi ez zitzaidana gertatzen, nire filmak harrapatu ninduen... bapatean Moxalen kontzertuaz oroitu, Irudieneatik irten eta Ahotseneara iristerakoan akabo Moxalen kontzertua... Nire fantasia japoniarraren eraginpean Moxalen fantasia galdu nuen... 😮

 
Irakurri gabe neuzkan 'Sorbeltza' filmaren inguruko hitz eder bat uzten ditut hemen, Zinea.eus-eko Ander Makazagak, irailean Kimuak 2023 katalogoaren aurkezpenaren ondoren idatzitakoak: "Erabilitako hizkuntzei dagokienez, tamalez, bakarra izan da euskara hutsean errodatutakoa. Hain zuzen ere, Iban del Campok zuzendutako SORBELTZA film poetikoa. Silvia Rey eta Harkaitz Canok idatzitako gidoitik abiatuta, insomnioa edo loezina izan du arrasatearrak hizketagai. Bakartutako gizabanakoez osatutako gizartearen gaitza delakoan, gure beldur, antsietate eta eztabaida existentzialak erakutsi dizkigu belaontzi batean bildutako hiru pertsonaien bitartez. Tonu misteriotsu bezain erotikoa duen lana da, hitz gutxikoa baina edertasun bisual izugarrikoa." ⛵😁
@durangoko_azoka #fantasiaDA @limbusfilmak #harkaitzcano @silvia_rey_canudo #kawabata #sorbeltza

Comentarios

Entradas populares