Aitor Gametxo: “Ezkutuan jendea grabatzean sortzen den talka asko interesatzen zait”

Bere bizitzetako bat (trailer) from Aitor Gametxo on Vimeo.

Huhezinema Jaialdiko 9. edizioan Goiena Saria irabazi berri du Gametxok Bere bizitzetako bat film laburrarekin. Lekitxarra da aurtengo euskarazko film labur onenaren egilea baina Bartzelonan bizi da egun eta ezin izan zen gurekin jaialdian egon saria jasotzeko. Oporretan bueltatu da etxera eta Donostian elkartu gara bere zinemazaletasunaz gehiago jakiteko asmoz.

Gametxoren film labur honek irudi amateurrak erabiltzen ditu, Parisera egindako bidaia batean hartutakoak, kamera domestiko batekin, ezkutuan askotan, eguneraokotasun eta anonimotasunean murgilduz, gaur egungo gizartean irudiek duten esanahiaz hausnartzeko ariketa burutuz edizio mahaian. Montajean eta irudi bat bestearen ondoan jartzean sortzen diren esanahi berrietan sinisten du. Saiakera dokumentalak ditu gustuko, fikzio eta dokumentalaren arteko muga lausoan gustura mugitzen da eta ikuslea zuzendaria baina azkarragoa dela pentsatzen duenetakoa da Gametxo.

Aitortzen dut ezin izan dudala ekidin Gametxok bere filmean erabiltzen dituen trikimailuak baliatzea elkarrizketa hau egiteko. Bera jakinean egon gabe, nik elkarrizketatzen nuen bitartean konplize bat nuen inguruan argazkiak egiten, ezkutuan, argazkilari-espioi antzeko bat, Gametxoren teknika erabiliz Gametxo errepresentatzeko asmoz. Eta ondo atera da.

Grabadora on, argazkilari espioia ready... Ekin!

Bere bizitzetako bat filmeko fotograma bat.


Nondik datorkizu Bere bizitzetako bat filma egiteko ideia?

Lan honen hasierako helburua zen jada grabatuta dagoen materiala berrerabiltzea... esan nahi dut, zinea egiteko ohiko formatik aldendu nahi nuen, hau da, gidoi bat idatzi eta ondoren irudiak eta soinuak filmatu eta grabatu. Bere bizitzetako bat izan da horren alderantzizko ariketa bat. Bidai bat egin genuen lagunekin Parisera eta ordu piloa grabatu nituen guretzat, bidaiaren erregistro modura edo. Eta noizbehinka, kaleko jendearen irudi eta momentu oso prosaikoak grabatzen nituen...

Baina Parisera joan aurretik pelikularako ideia buruan zeneukan?

Ez neukan istorio konkretutik... adibidez off-ahotsaren testua ez zegoen bidaia egin aurretik idatzita. Ondoren etorri zen. Baina bai interesatzen zitzaida momentu horiek grabatzea, kaleko jendearen begiraden tentsioa, terraza baten begira dagoen neskarena adibidez... Irudi horiek grabatu eta bidaitik bueltatu nintzenean konturatu nintzen bazeudela motibo errekurrenteak.... estatuak adibidez, edo maitasuna zelan al den irudikatu... Gaika antolatu nuen materiala eta gero puzzle baten modura, erabaki nuen nola kokatu irudi guztiak istorio batean.

 Elkarrizketan zehar ezkutuan ateratako argazkietako bat.                                                               Argazkiak: Olena Krokhmal

 Zeintzuk izan dira zure erreferenteak metodologia hau aplikatzerakoan? Chris Marker datorkit burura...

“Salvando todas las distancias” baina Markerren Sans soleil filmean badaude baita ere irudiaren esanahiaren inguruko gogoetak, irudi digitalaren berezeitasunaz proposamenak, bidaiaren inguruan hausnarketak... off-ahots bat erabiltzen du baita, korrespondentzia moduan, ez dakigu nor dagoen beste aldean posta-truke hori jasotzeko... badauka ere autobiografikotik edo dokumentaletik asko ... eta fikziozko istorio bat ere bai. Hori guztia nahasten zuen Markerrek bere filmean. Oso presente izan dut pelikula hori. Nik nire proiektuan hori guztia nahastu nahi nuen baina nire modura.

Zure filmak voyeur baten ikuspuntua erabiltzen du. Zure ikuspuntua...

Bai, badago zerbait hain erreala, hain egiazkoa, grabatzen duzunean jendea kontziente izan gabe.... asko interesatzen zait. Asko idatzi da ideia horren inguruan. Susan Sontagek aipatzen du Diane Arbusen argazki erreportaje bat, zirkuko freak askori egindako erretratuz osatua, non guztiak kamerara begira daude. Sontagek esaten du kamararako begirada hori, jakitun izatea kamera bat dagaoela grabatzen edo zuri argazkiak egiten, egoera horretan norberak aukeratzen duela nola nahi duen irudian azaldu, ez? Norbera dela bere errepresentazioaren jabe eta ez argazkilaria. Bere bizitzetako bat da alderantziko proposamena. Lapurtutako irudietan dago gakoa. Joan Colom argazkilari katalanak antzeko teknika erabili zuen Raval auzoko erreportaje ezagun batean, prostitutei eta kaleko jendeari ezkutuan argazkiak atera zizkienean. Halako talka oso interesgarri bat ematen da hor...

Zein zinema mota interesatzen zaizu?

Generoen arteko disoluzioarekin jolastea oso gustoko dut. José Luis Guerinen En construcción filmean ematen da hori, ikusleak pentsatzen du ikusten ari dena erreala dela eta gero... antzik ere ez. Muga horretan gustora nabil. Eta asko pentsatzen dut ikuslearen paperaz. Askotan esan da, “ikuslea zu baina azkarragoa da”. Berak aterako ditu bere ondorioak. Pasibotasunetik aldenduta, norbait aktibo bezala ulertzen dut ikuslea.

Eta ikusle bezala? Nolakoa da zure ikusle ideala?

Haratago doan zinema da ikusle bezala interesatzen zaidana, figuratibotasunetik urrundu eta beste esanahi batzuk bilatzen dituenak, zinea egiteko beste modu bat da. Irudia metafora bihurtzen danean da benetan erakargarria, aldentzen danean bere figuratibotasunetik. Azken finean, “típico corto con giro final”... ba bueno, ondo dago existitzea baina niri ez zait zinema mota hori interesatzen. Iruditzen zait ikuslea ergel modura hartzen dela askotan, tentela balitz bezala tratatzen duela ikuslea zinema mota horrek. Dena eginda ematen zaionean ikusleari. Nik nahiago dut ikuslea ere haratago joatea.

Gametxo eta biok, elkarrizketan zehar, ur sakonetan sartzen.                                                          Argazkiak: Olena Krokhmal
Ezkutuko kameraren teknika erabiltzen duzu, ostutako irudiekin lan egiten duzu. Etikoki zein da zure jarrera horren aurrean?

(Irrifarreak...) Justifikatzen naiz esanez nik ez dudala ezkutuan filmatzen asmo txarraz. Argi daukat etikoki zalantzan jarri daitekela jarrera hori eta norbaitek esaten badit zerbait arrazoia emango nioke, ez nituzke bere irudiak erabiliko baimenik gabe. Baina nahiago dut irudiaren errepresentazio aldetik ikustea teknika hau; ezkutuan grabatzerakoan lortzen duzula zerbait garbiagoa, puruagoa, jendeari baimena eskatzen diozunean baino. Gainera, oso aukera gutxi daude nik grabatutako pertsonek azken emaitza den pelikula ikusteko... oso gauza marginala da.

Bere bizitzetako bat filmeko fotograma tentsiodun bat.
Azken kuriositate bat. Bere bizitzetako bat film laburrean badago emakume baten begirada zuzena zure kamerara, zure begitara. Begirale eta begiratuaren arteko tentsioa... filmean moztu egiten duzu une hori baina errealitatean nola bukatu zen?

Alde egin nuen... bazegoen tentsio bat hor, heldu zen momentu bat... bera kontziente zen grabatzen ari nintzela kamera batekin. Ni oso lotsatia naiz eta alde egin nuen. Badaezpada ere...

Amaitu dugu elkarrizketa. Mahaitik altxatu eta elkarrizketaren ezkutuko argazkiak erakutsi dizkiot Aitorri... dagoeneko nire whatsappean nituen argazkiak... elkarrizketa hau ilustratzen dutenak. Flipatu du. Argazkilari furtiboa aurkeztu diot eta… “Ezin ezetz esan ezta???”, Gametxok. Irrifarreak. Eskerrak Gametxori jokoa onartzeagatik eta Olena Krokhmali gurekin jolasean aritzegatik.

"Ezkutuan jendea grabatzean sortzen den talka asko interesatzen zait".                                          Argazkiak: Olena Krokhmal



Comentarios

Entradas populares