Zinema bizia

Joan den ostiralean Goiena aldizkaritik filme baten kritika egiteko proposamena egin zidaten. Mapa filmaren gaineko testua bidali nien, beherago kopiatzen dudana, eta paperezko edizioak ez duenez (oraingoz) linkak sartzeko aukerarik ematen, hemen gehituko dizkiot. Márgenes webgunean zuzendariaren film laburrak ikusteko aukera martxoaren 18rarte, Truffaut-en testu hauek eta Siminianiren artikulu hau. Baietz Mapak gaur gaueko Goya Saria eraman?



 
Zinema edo bizitza?
Bizitza edo zinema? Galdera hau egiten zion bere buruari Truffaut zinemagile gazteak. Mapa filmaren bihotzean galdera bera dago.
Siminianiren lehen film luzea den honetan zinema eta bizitza asko dago. Zuzendariak bost urte behar izan ditu filma egiteko. Lan ausart honek Goya sarietarako dokumental onenaren izendapena lortu du eta irabazteko aukera guztiak ditu.
Pelikula honetan ez dago lantalde handirik, ez dago izarrik, ez dago aurrekontu potolorik. Eta zer dauka ba filmak, hain berezi egiten duena? Sortzaile irudimentsu, azkar eta obsesibo bat. Gaur egun, sare sozialen eta “reality” telebistaren bidez, norberaren intimitatea ikuskizun bihurtu den garaian, Siminianik, nartzizismo bihurri hori muturrera eraman du.
Film autobiografiko gordina eskaintzen digu, filmatutako eguneroko baten itxurapean. Madrilen hasten da bidaia. Egileak berak lehen pertsonan maisuki erabiltzen duen off-ahots etengabe baten bitartez kontatzen digu, bere ogibidea izan den telebistako lana galdu duela, bikoteak utzi duela, noraezean dagoela... Bat-batean, Matthew Sweet-en “Walk out” abestian irtenbidea aurkituko du. Alde egitea erabakiko du. Motxila egin eta bere buruaren bila doa Indiara, bideo kamera lagun.
Mugaren mugan dagoen filma dugu Mapa. Intimitatearen mugan, egilearen bikote ohi eta bikote berriak direlako berarekin protagonista. Errealitate eta fikzioaren mugan. Donostian egindako aurkezpenean, filmean dagoen guztia erreala dela esan zuen Siminianik, Rajoy-ren “Todo es falso” susmagarriaren alderantzizkoa. Pelikula, abesti, joko, esperientzia bizi-bizia dela esango nuke nik. Inprobisatutako jazz abesti baten itxura duen oso eraikita dagoen pelikula bat. Ikustekoa.

Comentarios

Entradas populares